martes, 13 de abril de 2010

Eguraldiaren garrantzia gure bizitzetan


Oporretatik itzuli gara denok, eta gaur "klasetik" irten eta gero konturatu naiz oraindik ere, argia zegoela. Oporrak hartu aurretik, ordu berean gaua zen. Baina bi aste beranduago, zerua argitsu dago eta horrek beste sentsazio bat eragiten du gorputzean. Nire kasuan behintzat. Kotxera heldu, eta horri buruz egon naiz hausnartzen supermerkatuko Parking-era heldu arte.

Uste dut ez dela argiaren gauza. Uda eta gero, polita da eta zoriontsu jartzen nau ere etxeko bufandak eta eskularruak ateratzea, eta lehengo elurtean, umetxo bat bezala jartzen naiz nire etxeko leihotik, hainbeste urteekin oraindik ere flipatzen dut. Orain urte erdi pasa eta gero, ilusio berdinarekin agurtzen dut epeltasuna eta argia.

Nire iritziz, euskaldunok zorte handikoak gara klima kontuetan. Kontrastez beterikoa baitugu gurea. Eta lanetik supermerkatura doan bidean konklusio batetara heldu naiz. Ez da beroa edo hotzaren kontua, baizik eta aldaketaren gauza. Ez al zaizue inoiz gertatu, egun batzuk euri gabe egonda, barne urduritasun bat pizten zaizuela? Niri behintzat bai. Eta horrela gauza guztiekin. Negu gorria bukatu eta beroa ongi etorria da. Uda sargoritsuaz aspertu eta udazken ta negu fresko bat bilatzen dugu. Gero beroa eta argia berriro. Borobila da. Zuek zer uste duzue?